I. NAFARROAKO PARLAMENTUAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzordean adierazpen instituzionala onartu du, non Nafarroako Parlamentuak bakearen eta elkarbizitzaren aldeko konpromisoa adierazten duen, Geroa Bai, EHBildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztua.

Onartutako deklarazioaren alde Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak bozkatu dute.

Adierazpenaren 1. puntua ahobatez onartua izan da. UPN eta PSNk 2., 3., 5., 6. eta 7. puntuen aurka bozkatu dute eta 4. puntuan abstenitu egin dira. PPNk kontra bozkatu du 2.tik 7. puntura.

Adierazpena ikusi

Irakurri adierazpena


1. Nafarroako Parlamentuak Altsasun eta Nafarroa osoan bakea eta elkar bizikidetzaren aldeko konpromisoa adierazten du.
2. Betiere erabaki judizialak errespetatuz, Nafarroako Parlamentuak haren desadostasuna aditzera ematen du, terrorismo delitutzat hartutako gertakarien kalifikazio penalarekin ez baitator bat. Adierazi duenez, halako kalifikazioak neurrigabeko zigor konplimendua ekar diezaieke gazteei. Arrazoi horrengatik, Nafarroako Parlamentuak Audientzia Nazionaleko Epaitegi Zentralari, Nafarroako Audientzia Probintzialari eta Fiskaltza Jeneralari kasua berriz aztertzeko eskatzen dio, eskuduntza Iruñeako Instrukzio Auzitegiari bueltatzeko helburuz.
3. Nafarroako Parlamentuak atxiloketen eta aurreikusitako neurrien aurrean bere desadostasuna erakusten du, bai eta Altsasuko zazpi gazteen espetxeratzearen aurrean ere. Horrekin batera, gehiegizko, justifikatu gabeko eta beharrezkoak ez diren neurriak hartu direla adierazten du, are gehiago kontuan izanik gazteetako batzuk boluntario moduan aurkeztu zirela, alde egiteko inongo intentziorik gabe. Horren guztiaren ondorioz, gazteen askatasuna eskatzen da.
4. Nafarroako Parlamentuak Altsasuko herriari atxiki zaion irudi distortsionatuari errefus egiten dio, eta errealitatearen oso bestelakoa dela aitortzen du. Altsasu udalerri plurala da, pertsona ezberdinen arteko elkarbizitzara ohituta dagoena.
5. Nafarroako Parlamentuak “Altsasu” goiburuarekin, Altsasun, azaroaren 26an, larunbatarekin, izango den manifestazio isila sostengatzen du.
6. Nafarroako Parlamentuak Adingabeko Defendatzaileari beharrezko neurri egokiak har ditzala eskatzen dio, bi adin txikiko gazteen eskubideak errespetatuak izan daitezen.
7. Nafarroako Parlamentuak Altsasuko udaletxeari, Audientzia Nazionaleko Auzitegi Zentralari, Audientzia Probintzialari, Fiskaltza Jeneralari eta Adingabeko Defendatzaileari Deklarazio Instituzional honen kopia helaraztea adosten du.

Itxi

II. ALTSASUKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

2016ko azaroaren 16ean bildutako Altsasuko udaleko udalbatzak honako adierazpen instituzionala onartu zuen. Geroa Bai, EHBildu, Goazen Altsasu eta PSNko zinegotziek maila pertsonalean alde bozkatu zuten. UPNk kontra bozkatu zuen.

Adierazpena ikusi

Adierazpena irakurri


1.- Aurreko astelehenean, azaroak 14an, atxilotu zituzten gazteen familien sufrimendua aditzera eman eta bereganatu egiten dugu. Familia artekoak babesik gabe sentitzen dira eta beraien seme-alabei egokitu zaien izarigabeko gertakarien ondorioz larrituta daude. Honako gertakizunen aurrean, gazteei neurrigabeko zigorrak ezartzearen beldur dira, izan ere, Audientzia Nazionalak gertatutakoa ekintza terroristatzat izendatu baitu.
2.- Horren aurrean, Nafarroako instituzio guztien (zuzendaritza-batzorde, batzorde legegile edota judizialen) babesa eskatzen dugu, gertakariak Iruñeako Instrukzio Auzitegian epaituak izan daitezen. Izan ere, bertan hasi zen instrukzioa eta, horrez gain, bertan dago Polizia Foralaren txostena, Foruzaingo-ko poliziak izan zirelarik momentuan gertakarien ardura hartu zutenak eta, hortaz, gertakari hauen eskudunak direla pentsatzen dugu.
3.- Betiere erabaki judizialak errespetatuz, Altsasuko udaletxeak haren desadostasuna aditzera ematen du, terrorismo delitutzat hartutako gertakarien kalifikazio penalarekin ez baitator bat. Horrez gain, atxiloketen eta hartutako neurrien kontra ere azaltzen da, kontsideratzen baitu ez direla beharrezkoak.
4.- Inoiz gertatu behar izan ez ziren gertakari batzuen ondorioz, kaltea jasan duten pertsona guztiei, baita Altsasuko herriari (horien aurrean izandako jokabideagatik), oro har, gure elkartasuna azalarazi nahi diegu.
5.- Altsasuko udaletxeak gure udalerriaren elkarbizitzaren eta bakearen alde egiten du, elkarrizketan eta jokatzeko era arduratsuan oinarrituz.
6.- Altsasuko udaletxeak bere herriari atxiki zaion irudi kaltegarriari errefus egiten dio, errealitatearen oso bestelakoa dela aitortzen duelarik. Gainera, komunikabideetan gazte eta adin txikikoen inguruan hedatu den informazio pribatuaren aurka egiten du.
7.- Altsasuko udaletxeak herritar guztiak azaroaren 26an, eguerdiko 13.00etan, ospatuko den manifestaziora deitzen ditu, “ALTSASU” goiburua eramango duena.

Itxi

III. NAFAR PARLAMENTUAREN ADIERAZPENA KODE PENALAREN 573 ARTIKULUA ALDATZEKO

Parlamentuak, osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Gorte Nagusiak premiatzen ditu “presako izaerarekin ekin diezaioten Zigor Kodeko 573. artikulua eta martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoak ezarritako terrorismo-kalifikazioa aldatzeari”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aurkako botoa eman dute.

Adierazpena ikusi

Adierazpena irakurri


Behean sinatzen duten parlamentu-taldeek, Legebiltzarreko Erregelamenduan ezarritakoaren babesean, ondoko mozioa aurkezten dute, Legebiltzarreko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko. Mozioaren bidez, Gorte Nagusiak premiatzen dira Zigor Kodeko 573. artikulua alda dezaten.

Zuzenbide-gaietan diharduten pertsona askok, sentsibilitate ezberdinetakoak, adierazi dute ezen, zigor eta espetxe arloetako zuzenbidean, terrorismoaren aurkako borroka, Espainian, salbuespenekotzat jo beharreko interpretazio-jardun eta lege-aldaketa baterantz desbideratu zela.

Testuinguru horretan bereziki deigarria da ETAren jarduera behin betiko eten eta, horren ondorioz, mehatxu hori desagertu zenetik lau urte iragan zirelarik, joan den legegintzaldian terrorismoaren tipo penalaren aldaketa jakin bat egin izana, Alderdi Popularraren gehiengo osoa tarteko, martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoaren bidez, zeinaren eskutik etorri baita Zigor Kodearen 573. artikuluaren gaur egungo testua.

Aldaketa horrek dakarrena da “terrorismo” kontzeptuari muga lauso batzuk ipintzen zaizkiola. Horiek horrela, duela bost urte baino gehiagotik ETAk erail ez eta atentaturik burutzen ez badu ere, terrorismoa-delitu bat egon daiteke, atzetik jardunean ari den erakunderik egon gabe, baldin eta epaitzen duenak uste badu badagoela jokabide bat, populazioaren parte bat beldurtzera edo bake publikoa larriki asaldatzera bideratua. Gainera, kontuan harturik aldaketa berri samarra dela, ez dago Konstituzio Auzitegiaren edo Auzitegi Gorenaren jurisprudentziarik, haren mugak ezartzen dituenik.

Nazioarteko erakunde batzuek, Nazio Batuen Erakundeak barne, Zigor Kodearen aldaketa hori salatu dute, eskubide zibilak eta askatasun demokratikoak urratzeagatik. Hain zuzen ere, nazioarteko erakunde horretako bost informatzailek adierazi zutenez, gaur egun indarrean dagoen delitu-kalifikazio horren bidez kriminalizatu ahalko lirateke terrorismoa ez diren jokabideak, eta ondorio neurrigabeak sortu ahalko lirateke adierazpen askatasunaren erabileran.

Berriki, Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak amaiera eman dio joan den urrian bi guardia zibilen ustezko erasotzaile gisa identifikaturiko Altsasuko 19 urtetik 24ra bitarteko adineko 9 gazteren aurkako sumarioari, eta aipatu auzitegiko zigor arloko salara igorri du, epaiketa hasteko agindua eman dezan. Gertaera tamalgarri horrengatik eta beraren inguruan gertatu den guztiarengatik, epaileak terrorismo-delitua egozten die gazte horiei, beste delitu batzuen pilaketa idealarekin (lesioak, atentatua eta gorrotoa). Jasan li- tzaketen zigorrak erabat neurrigabeak izanen lirateke jokabideei begiratuta, egoera arrunt batean zigor-zuzenbideko zehapen arrunta besterik ez luketelako ekarriko.

Mundu juridikoan iritzi aditu askok baloratu dute kasua autoan bertan azaltzen diren egitateetan oinarrituta, eta honako hau azpimarratu dute: “Ikertuei egozten zaien jokaeraren larritasuna eta edozein erasoren biktimari zor zaion elkartasuna gutxiesteko asmorik gabe, ez dago inoiz ere gorrotora bultzatzearen edo terrorismoaren delituen pilaketarik; egozpen horiek, berriz ere, sortzen dira Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak ia desagerturik dagoen ETA banda terroristarekin zerikusia duen guztian gauzatzen duten neurriz gaineko jardunagatik”.

Gure ustez bada garaia zigor arloan normaltasuna berreskuratzeko, eta eskubide eta askatasunen sistema batean gai horrek behar dituen bermeak eta gutxieneko mailak berrezartzeko. Zigor arloko normaltasuna gizartearen adostasun bat da, eta haren gabezia, berriz, distortsio-faktore bat. Zigor arloko normaltasuna berreskuratzea helburu demokratikoa da, funtsezko ekarpena delako gure gizartean bizikidetza normaltzeko.

Ildo horretatik, 2015-2019 legegintzaldiko Nafarroako Gobernurako programa-akordioan, aniztasun eta elkarbizitzaren gaineko atalean, berriki jazotako indarkeriaren memoriari dagokionez, neurri bat ezartzen da; hain zuzen ere, ekimenak bultzatzea “zigor- eta espetxe-arloetako salbuespenezko neurriak amaitzeko”.

Horrekin guztiarekin bat, eta aipatu arrazoiengatik, behean sinatzen dugun parlamentu-taldeok ondoko erabaki proposamena aurkezten dugu:

1. Nafarroako Parlamentuak Gorte Nagusiak premiatzen ditu presako izaerarekin ekin diezaioten Zigor Kodeko 573. artikulua eta martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoak ezarritako terrorismo-kalifikazioa aldatzeari.

2. Erabaki hau Diputatuen Kongresuko eta Senatuko mahaiei helaraztea, bi legebiltzarretako parlamentu-taldeei igor diezaieten

Itxi

IV. ALTSASUKO UDALAREN MOZIOA ATXILOKETETATIK 100 EGUN PASATZERAKOAN

Atxiloketetatik 100 egun betetzen zirenean, Altsasuko Udalak mozio bat onartu zuen berriz ere espetxeratutako gazteen askatasuna eskatuz eta hauek terrorismoaren akusaziopean epaituak ez izateko eskatuz. Mozia Geroa Baik, EHBilduk, Goazen Altsasuk eta PSNko bi zinegotziek maila individualean onartu zuten, UPNk kontra bozkatu zuen.
Mozioa ikusi

Mozioa irakurri


Gaur otsailak 22, Altsasuko taberna batean emandako gertaerengatik auziperatutako hiru gaztek 100 egun egingo dituzte espetxean, FIES erregimenean. Zehazki, Adur Ramirez de Alda Pozueta, Jokin Unamuno Goikoetxea eta Oihan Arnanz Ziordia. Behin-behineko askatasunari ezezkoa eman diote ihes egiteko arriskuaren argudiopean, nahiz eta boluntarioki behin baino gehiagotan epailearen aurrean aurkeztu eta beren errotze familiar eta soziala kontuan hartu gabe, betidanik jurisprudentziak ihes egiteko aukerak gutxitzen dituela kontuan hartu baitu. Era honetan, haien ikasketa eta lanekin aurrera jarraitzea eragozten zaie, haien familia eta lagunetatik urrun.

Berriko Audientzia Nazionaleko Carme Lamela epaileak Altsasuko 9 gazteren aurkako sumarioa amaitu du, pasa den urrian Guardia Zibilen ustezko erasotzailetzat joz . Epaileak gazteei terrorismo delitua egozten die, beste hainbat deliturekin batera (lesioak, atentatua eta gorrotoa). Honek ezarri ahal dieten kondena neurriz kanpokoa izatea ekarriko luke, izan ere horrelako jokaerak egoera normal batean ohiko isun penal bat besterik ez lirateke. Zentzu honetan, nabarmendu behar da terrorismo delitua egon ahal izateko egindakoa delitu larria izan behar dela, kasu honetan gertatzen ez dena. Izan ere, aipatzen diren ustezko lesio, atentatu eta gorroto delituak ez dira 5 urte baino gehiagoko kartzela zigorrarekin zigortzen.

Bestalde, 2015eko martxoan espainiar estatuan terrorismoaren delitu motaren aldaketa bat eman zen. Aldaketa honen zergatia printzipio batean terrorismo yihadistaren aurka egitea zen, Altsasun gertaturikoarekin inolako zerikustekorik ez duena. Aldaketa honek … Definizio berri hau Nazio Batuen erakundeak behin baino gehiagotan kritikatu du. Azkeneko aldiz, 2015eko otsailean, Nazio Batuen Giza Eskubideen 5 errelatorek honakoa zioten: idatzita dagoen moduan, terrorismoaren aurkako legeak terrorismoa ez diren jardunak kriminaliza ditzake eta, beste ondorio batzuen artean, neurriz kanpoko murrizketak jar diezazkioke adierazpen-askatasunari” Altsasuko kasua adibide garbi bat da.

Azkenik, hilabete guzti hauetan kasuaren gaindimentsionamendu mediatiko bat eman da, Altsasuren irudia nabarmen desitxuratu duena, beroni izugarrizko kaltea eginez.

Laburbilduz, proportzionaltasun eza eta pertsona guztiak babestu behar gaituzten askatasun eta berme juridiko guztiak urratzen dituen interpretazioa azpimarratu behar da. Urratze hauek kalitate demokratikoa, Zuzenbide Estatuaren printzipioak eta Giza eskubideak kaltetzen dituzte, eta honek instituzio guztiak eta gizartea orokorrean inplikatzen ditu.

Guzti honengatik, Altsasuko udalak honakoa eskatzen du mozio honen bidez:

  • Espetxeratutako 3 gazteen berehalako askatasuna eta kasua Nafarroako Auzitegira bueltatzea.
  • Terrorismo gisa ez epaitzea.
  • Komunikabideei berriro ere eskatzea Altsasuko herria ez erasotzeko, gure herriaren irudi irreal bat zabalduz.

Itxi

V. ALTSASUKO UDALAREN MOZIOA FISKALAREN ESPETXE ESKAEREN AURREAN

Fiskalak auziperatuei egiten dien kartzela zigor eskaera ezagutzerakoan, Altsasuko Udalak mozio bat onartu zuen eskaera hauekiko bere eta terrorismotzat jotzeko kontrakotasuna agertuz. Mozia Geroa Baik, EHBilduk, Goazen Altsasuk eta PSNko bi zinegotziek maila individualean onartu zuten, UPNk kontra bozkatu zuen.
Mozioa ikusi