Honako atal honetan, aztertuko dugu zer arrazoi juridiko direla eta inputatu dituen Auzitegi Nazionaleko instrukzioko 3. epaitegi zentralak Altsasuko hamaika gazte; egotzitako delituak hauek dira, guztiak ere Zigor-kodekoak: 147. artikuluak eta hurrengoek ezartzen duten lesio-delitua, 550. artikuluko atentatu-delitua, 510. artikuluko gorrotoa eragitea eta 573. artikuluko terrorismo-delitua.

Terrorismo-delitua leporatzean, auzia Auzitegi Nazionalean bideratu da, eta ez berezko epailea aritzen den lekuan, hau da, Iruñeko Probintzia-auzitegian. Halaber, oinarria da gazte horietako zazpiri baldintza gabeko kartzelako kautela-neurria ezartzeko.
  

I. Instrukzioa Auzitegi Nazionalera helaraztea

Instrukzioa Auzitegi Nazionalera helarazi eta zigor-tipifikazio eredugarri bat ezartzeko auzibidetik kanpoko bultzada bat dagoelako hipotesia indartzen du gertaeren segidak. Hain zuzen ere, Foruzaingoaren atestatuak eta Guardia Zibilaren sakontzeko eginbideek edo lehen txostenak ez dute ikusten bi guardia zibilen aurka lintxamendu edo jipoi antolaturik egon zenik, ezta terrorismo-deliturik ere. Gertatutakoa baino astebete beranduago helarazi zen Guardia Zibilaren lehen txostenak Foruzaingoaren atestatua berresten du; ordurako, atestatu hori Mari Paz Benito epaileak zuen, hau da, Iruñean, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu- eta lesio-delituengatik auzia bideratzen zuen epaileak. Txosten horren arabera, badaude balizko gorroto-delitu baten zantzuak. (Noticias de Navarra, 2016-10-25: “Los informes policiales no aprecian linchamiento organizado en Alsasua[“).

Hedabideek bultzatutako neurriz kanpoko arreta-egoera batean, eta urriaren 19an COVITE antolakundeak Auzitegi Nazionalean aurkeztutako salaketa zela eta, urriaren 25ean, Auzitegi Nazionaleko instrukzioko 3. epaitegi zentraleko magistratuak ikertutako gertaeren eskumena onartu zuen. Egun batzuk lehenago, hilaren 22an, COVITEko kide batzuk agertu ziren, poliziaren eta hedabideen muntaia salatzeko Altsasun egin zen manifestazio jendetsuaren hasieran; horrek, istiluak eragin ez bazituen ere, sumin-egoera bat sortu zuen eta hainbat hedabidek gertaera batzuen eta herri baten neurriz kanpoko irudi itxuraldatua areagotzeko baliatu zuten. Hainbat legelari entzutetsuk esan dute auzi horren eskutik etorri den jitoa “neurriz kanpoko epaile-jarduna” dela, baita “gehiegizkoa eta gizarte-errealitatetik kanpokoa” ere.

Ondoren, hainbat autotan, Auzitegi Nazionaleko epaitegi zentralak Altsasuko OSPA antolakundearen salaketa-ekimenekin lotu zituen urriaren 14an gertatutakoak, eta, jarraian, desmilitarizazioa eta beste polizia-eredu bat eskatzen dituzten ekimenak, antolakunde politikoen aldarrikapenekin, baita ETA antolakundearen errebindikazioekin ere.

Horietako lehenengoa, OSPA antolakundearekin egindakoa alegia, egoeraren araberako eta espekulatibotzat jo behar da; izan ere, epaitegietan bideratzen ari diren gertaeretan ustez esku hartu zutenak OSPAko kide direlako ustean eta urriaren 17an egindako prentsaurrekoan oinarritzen da. Prentsaurreko horretan, komunikabideek egindako gertaeren desitxuratzea eta polizia-erakustaldi handiak egin zituen Guardia Zibilaren portaera salatu zituzten hainbat herritarrek, baita herria desmilitarizatzeko eskatu ere. Azpimarratu behar da, duela bost urte sortu zenetik, OSPA antolakundeak egindako ekimenak adierazpen-askatasunaren baitan kokatzen direla, bide baketsuen bidez baino ez direla egin eta agintari eskudunek eman beharreko lege-baimenak jaso dituztela.

Bigarren lotura horri dagokionez, hots, antolakunde politikoekin eta ETA antolakundearekin egindakoei dagokienez, adierazi behar da ez dagoela loturarik OSPA mugimenduaren eta ETAren artean. Autoetan ezartzen diren loturak aldarrikapen batean bat egitearen ondorio dira eta hori, bestalde, zilegi da eta ideologikoki askotarikoak diren legezko beste hainbat antolakunde politikok partekatzen dute, hala nola EAJk edo EH Bilduk. Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrak berak ere Estatuko Segurtasun-indarrek atzera egin zezaten eskatzen zuten ebazpenak onartu ditu; adibidez, 2013ko ekainean.
  

II. Terrorismo-delitu gisa tipifikatzea

Terrorismo-delitu bat dela eta ikertutako pertsonak inputatzean, ez da argitzen terrorismo-delitua erasoak berak, testuinguruak ala biek aldi berean osatzen duten, baina aukera horiek guztiak eztabaidagarriak dira Jaime Montero Román abokatuak azaroaren 19an Público egunkarian argitaraturiko iritzi-artikuluan argudiatzen duen moduan:

“El delito de terrorismo exige la comisión de un delito grave (en términos jurídicos, no morales), por un lado, y que además dicho delito lo sea, en lo que al presente caso concierne y a pesar de la falta de precisión a este respecto del auto de prisión, para “obligar a los poderes públicos a realizar un acto o a abstenerse de hacerlo” (referido al traslado de los Guardias Civiles fuera de Navarra) o para “provocar un estado de terror en la población o en parte de ella” (en concreto, en los Guardias Civiles destinados en la localidad, y sus familias). ”

“En los hechos relatados por los autos de prisión falla la primera de las premisas, pues ni el delito de atentado ni el de lesiones son delitos graves (castigados con una pena máxima que exceda de los cinco años de prisión). En cuanto al delito de incitación al odio del art. 510 C.P., no sólo no es grave, sino que tampoco está comprendido en el catálogo de delitos que permitirían considerar su comisión como terrorismo. ”

“Si bien la anterior reflexión permite descartar plenamente la concurrencia de un delito de terrorismo, adicionalmente ha de señalarse, si se entiende que es la agresión a los agentes lo que motiva el intento de aplicación de este delito, que parece muy aventurado afirmar que con dicha agresión los investigados pretendían coaccionar a los poderes públicos, o provocar un estado de terror en la población o parte de ella, y de hecho la Instructora no lo dice expresamente.”

“Si es el contexto lo que se afirma resulta ser “terrorismo”, lo que fallaría en este caso es la falta de definición de una actividad delictiva, pues las pintadas, las manifestaciones, las pancartas o el uso de las redes sociales, tal y como señala el auto, para lograr la adopción de una decisión política de retirar a las Fuerzas de Seguridad del Estado del territorio, sin otro aditamento, parece una actividad lícita, por más que pueda cuestionarse en términos políticos .”

“En este sentido, el auto sí que explicita que se busca “provocar inseguridad y miedo” entre los Guardias Civiles, y define el movimiento que llevan a cabo esa estrategia como “grupúsculos violentos”, pero al margen de la presunta agresión investigada, no concreta ningún acto de violencia, ni siquiera de otra naturaleza pero que pueda reputarse ilegal, que hayan realizado los investigados, o incluso los grupos a los que afirma éstos pertenecen, y que sirva a dicho ilegítimo propósito.”

Gai horretan sakontzeko, azpimarratu daiteke Espainiako sistema judizialean darabilten terrorismo kontzeptuaren definizioak eztabaidagarritzat jo edo, argiro, zalantzatan jarri dutela nazioarteko hainbat erakundek, hala nola Nazio Batuek. Horrela Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Sustatzeko eta Babesteko NBEren Errelatoreak, Martin Scheininek, esaterako, ohartarazi zuen arriskua zegoela «gutxika terrorismo nozioa populazio orokorraren aurkako indarkeria-ekintzak ez diren eta horiekin nahikoa harreman ez duten jardunei hedatzeko». Hau gaineratu zuen: «behin malda horretan behera hasita, eskubide asko urratzeko arriskua dago» (Europa Press, 2008-05-14). Bestetik, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak, 2008. urtean, adierazi zuen kezkatuta zeudela terrorismoaren definizioek, potentzialki, hedapen handiegia izan baitzezaketen barne-zuzenbidean, batez ere, Espainiako Zigor-kodeko 572. artikulutik 580.era ageri direnak; izan ere Itunean adierazitako zenbait eskubide urratzera eraman zezaketen eta Estatu Espainolari eskatzen zioten “terrorismoa era murriztailean definitzeko, terrorismoaren aurkako neurriek Itunarekin erabat bateragarriak izan daitezen” (CCPR/C/ESP/CO/5/ 2008ko urriaren 27).

Duela gutxi, terrorismo yihadistari aurre egiteko helburu bakarraz, terrorismo-delituaren definizioa aldatu zuten 2/2015 Lege Organikoa onartuz, martxoaren 15ekoa, 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor-kodeari buruzkoa, aldarazten duena, terrorismo-delituei dagokienez. Definizio berri hori Altsasuko gertaerei aplikatu zaie, eta Nazio Batuetako bost errelatorek kritikatu dute. Maina Kiai, era baketsuan biltzeko eta elkartzeko eskubideei buruzko errelatorea; David Kaye, iritzi- eta adierazpen-askatasunetarako eskubideak sustatzeari eta babesteari buruzko errelatorea; Ben Emmerson, terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeari eta babesteari buruzko errelatorea; François Crépeau, migratzaileen giza eskubideei buruzko errelatore berezia; eta Michel Forst, giza eskubideak babesten dituztenen egoerari buruzko errelatore berezia, aditu independenteen arabera, “lege-proiektuko testuak definizio lausoak edo anbiguoak ditu, eta definizio horiek bide ematen diote aginpideek legea neurriz kanpo edo nahi duten moduan aplikatzeari “, eta “idatzita dagoen moduan, terrorismoaren aurkako legeak terrorismoa ez diren jardunak kriminaliza ditzake eta, beste ondorio batzuen artean, neurriz kanpoko murrizketak jar diezazkioke adierazpen-askatasunari”.
  

III. Gorrotoa eragiteko delitu gisa tipifikatzea

Zigor-kodearen 510. artikuluan bildutako gorrotoa eragiteko delituari dagokionez, Jaime Montero abokatuaren arrazoiketarekin jarraituz, ez da argi gelditzen egozpena “erasoagatik ala adierazten den eta ‘OSPA mugimendua’ kolektiboari egozten zaion etsaitasun-egoerako testuinguru sozialarengatik den, baina bi kasuetan ere egozpena bidegabea da” jarraian azaltzen den moduan (itzulpena):

“Agintaritzaren agente izateagatik irainen eta agresioen bidez guardia zibil bati erasotzea atentatu-delitua da eta, beraz, ezin da aldi berean gorrota eragiteko delitua izan, horrela, ekintza bera bi aldiz zigortuko litzatekeelako; hori geure zuzenbidean debekatuta dago eta non bis in idem printzipio gisa ezagutzen da”.

“Gainera, tipifikatze-arazo larria dago Z.K.ko 510. artikulua erasoari edo erasoaren “testuinguruari aplikatzeko”; izan ere, gorrotoa eragiteko, erasoa arrazoi hauengatik egin behar da: talde bat edo taldeko kide edo delitu-biktimak izateagatik, edo ideologia, erlijio, sinesmen, familia-egoera, etnia, arraza, nazio, jatorri nazional, sexu, sexu-orientazio edo -identitate, genero, gaixotasun edo desgaitasun jakin bat izateagatik. Zerrenda horretan ez dira biltzen lanbide jakin bat izateagatik egindako erasoak, edo funtzionarioak izateagatik edo antzekoengatik egindakoak, eta legea ezin da era zabalean interpretatu, Zuzenbide Penalak debekatzen baitu.”

“Aurrekoaren bidez esan nahi dut, nahiz eta indarkeriak jatorri ideologikoa izan, arauak eskatzen duela erasoaren biktima den taldearen edo pertsonen atxikitze ideologikoaren ondorio izatea erasoa. Beste era batera esanda, pertsona bati bere sexu-orientazioa dela eta erasotzen bazaio, jatorri ideologikoa duen eraso bat izango dugula berdin-berdin (homofobia ideologiatzat jo badaiteke), baina Z.K.ko 510. artikulua aplikatzea biktimaren sexu-orientazioak eragingo du, eta ez erasotzailearen atxikitze ideologikoak.”

  

IV. Baldintza gabeko kartzelako kautela-neurria

Baldintza gabeko kautela-neurriak salbuespeneko izaera du eta inputaturiko pertsona prozesuan egongo dela bermatzeko aplikatu behar da, besteak beste, ihes egiteko arriskua dagoenean eta frogak ezkutatzea, aldatzea edo suntsitzea saihesteko.

Honako auzi jakin honetan, azaroaren 14ko atxiloketak Guardia Zibilak egin zituen, agindu judizialik gabe eta etxebizitzak eta beste higiezin batzuk arakatu gabe. Ikertutako gertaerak jazo eta hilabete beranduago eta araketarik egin gabe, zentzuzkoa da pentsatzea ez dagoela frogak ezkutatzeko, aldatzeko edo suntsitzeko arriskurik.

Bestetik, ihes egiteko arriskuari dagokionez, Iruñeko Probintzia-auzitegian eta Auzitegi Nazionalean jaso zuten auzipetuek borondatez aurkezteko aurretiko jarrera zutela. Hain zuzen ere, Jokin Unamunok eta Aritz Urdangarinek hilabete zeramaten Iruñeko 3. Probintzia-auzitegian aurkezten. Adur Ramirez de Alda hiru aldiz aurkeztu zen, horietako bi Auzitegi Nazionalean bertan. Gainerakoak ere urriaren 26an agertu ziren borondatez Nafarroako Probintzi-auzitegian.

Deigarria da Auzitegi Nazionaleko magistratuak ihes egiteko arriskua adierazteko erabilitako arrazoiketa, oinarri hartzen baitu “senideek eta inputatuek osatzen duten kolektiboak laguntza nabaria ematen dietela ihesa egiteko eta Espainiako auzitegien jardunetik urrun mantentzeko (Azaroaren 14 Autoa). Jurisprudentzian, aurkako zentzuan argudiatu izan da, errotuta egoteak aditzera ematen baitu ihes egiteko arriskua txikiagoa dela, eta kartzela saihesteko zioa izan ohi da.

Azkenik, delituak errepikatzeari dagokionez, argudiatzen da arrisku hori badagoela inputatuak, ustez, herriko OSPA kolektibokoak baitira, baina kolektibo horri ez zaio izaera bortitzeko ekintza jakinik leporatzen.
  

V. Proportzionaltasun-printzipio konparatua

Zuzenbide Penalean, proportzionaltasun-printzipioa funtsezkoa da. Hain da horrela, non legelariak ados dauden proportzionaltasun-printzipioa urratzeak legaltasun-printzipioa arriskuan jartzen duela. Legelari nabarmenek agerian jarri dute auzi honetan proportzionaltasun-printzipioa urratu dela, Baltasar Garzón epaile ohia edo Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emeritua kasu.

Printzipioa urratu dela nabaria da auzi hau eta antzekoak alderatuta, oso bestelakoak diren trataera eta ondorioak izan baitituzte. Kasu honetan, zerbitzuz kanpoko ordena-indarrei eraso zitzaien, parte medikoen arabera, lesio arinak izan zituzten, baldintza aringarrietan; terrorismo-delituarengatik, gorrotoa sustatzeko delituarengatik, agintaritzaren aurkako delituarengatik eta lesioengatik auzipetzeko eskatzen da, eta zigor gogorrak planteatzen dira, baita 10 eta 15 urte bitarteko kartzela ere. Jarrian, konparazioa egiteko aukera ematen duten beste kasu batzuk bildu dira, argigarriak izateko helburu bakarraz.