Dossier osoa deskargatu

2016ko urriaren 15ean, Altsasuko ferietako goizaldean, herriko gazte talde baten eta euren bikoteekin zegoen kalez jantzitako guardia zibil bikote baten arteko liskarra sortu zen Koxka tabernan, herriaren erdialdean. Gertakari hauen ondorioz, Guardia Zibiletako batek orkatileko haustura pairatu zuen eta ebakuntza egin zioten, eta zazpi gazte atxilotuak izan ziren, Audientzia Nazionalera eraman eta ondoren espetxeratuak. Osotara hamaika pertsona inputatuak izan dira, agintaritzaren aurkako atentatua, lesioak, diskriminaziorako probokazioa, gorrotoa edo taldeen kontrako indarkeria eta terrorismo delituak egotzita. Horietako zazpi, baldintza gabeko espetxealdian atxilotuak izan ziren, fidantzarik gabe, Alcalá Meco eta Soto del Realeko espetxeetan hilabete batez Carmen Lamela Audientzia Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu eta gero. Gaur gaurkoz, otsailak 25, horietako hiruk espetxean jarraitzen dute.

Azpimarratzekoa da Foruzaingoaren lehen txostenean autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak bezalako delitu posibleez soilik hitz egiten zela. Gainera, hasiera batean kasuaren ardura Foruzaingoak hartu zuen, eta hori izan zen lekukotzak jasotzera gertakarien lekura bertaratu zen lehena. Halaber, Guardia Zibilak egin zuen lehen txostenean egitateak ez dira terrorismo moduan kalifikatzen eta lintxamendu antolatua egon izana errefusatzen da.

Ondoren, Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (COVITE) Audientzia Nazionalean aurkeztutako salaketak, kasuaren lekualdatzea eta proposatutako delituak terrorismo eta gorrotoa bultzatzea bezalako delituetara hedatzea eragin zituen.

Gertakarien arteko proportzionaltasun ezak eta horren ondorio penalek herrian mobilizazio sozial handia sortu dute, udalak gurasoei ia erabateko babesa eskaini diolarik. Izan ere, gertakarien neurriz kanpoko trataera salatzeko, gurasoek udalari egindako eskaera ia erabat babestu dute. Era berean, bailarako udalek aho betez babestu dituzte herri asanbladak deituta herriko plazan egunero egin diren mobilizazioak. Babes hori Nafarroako Legebiltzarreko gobernu-batzordeak terrorismoaren kalifikazioari desadostasuna agertzearekin ere ikusi dugu. Hori gutxi balitz, espetxeratuen askatasuna eta instrukzioa Nafarroako entzutegi probintzialera tokialdatzeko eskaera egin zituen. Halaber, proportzionaltasun ezak eta ondorio penalek hainbat kritika sortu dituzte bai alderdi politikoen aldetik, zein herri mugimenduaren aldetik. Honek guztiak isla utzi zuen iragan azaroaren 26an #Altsasu lelopean, Altsasuko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuan.

Gazteen aurka hartutako neurriek, espainiar estatuan entzute handiko hainbat juristen kritika eta gaitzespena sortu dituzte: “gehiegizko jarduketa judizial”, “neurrigabe” eta “gehiegizko” -tzat kalifikatu dituztenak.

Bestalde, kausaren trataera mediatikoa daukagu. Kaltetutako pertsonen identitateen zabalpena egin dute, euren argazkiak, lanbidea eta ikastetxeen datuak zabaldu dituzte, kasua oraindik ere instrukzio fasean zegoenean. Horrekin batera, herriko zein bailara osoko errealitatea distortsionatu dute. Gainera, egin dituzten akusazioekin errugabetasun-presuntzioa, epaiketa justu baterako zein epaile naturala izateko eskubidea urratu dituzte. Honek guztiak haserrea eragin du herrian eta familien artean babesgabetasuna.

Dokumentu honen bitartez, gertakarien garapena nolakoa izan den eta jaso ditugun elkartasun eta laguntza keinu kontaezinak zein izan diren azaldu nahi dugu. Orobat, azaldu nahi dugu errugabetasun-printzipioa, proportzionaltasunarena, epaile naturala errespetatzea edota arduren indibidualizazioa ez direla errespetatu eta hori erakusten duten argudio juridikoak azaldu nahi ditugu.